XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Proba hartarako oso ondo prestatuta zegoen, gurasoekin izandako eztabaida ugariei esker.

Logikarik ezak, haginlariaren tornuak adina gogaitzen zuen.

Gau hartan, dena ongi zihoala eta Willem de Vries ondoko egunean ezagutuko zutela kontatu zioten Keizeri.

Hura ezagutzeko irrikatzen zeuden.

Keizerek arazoak zituen kurtsoak bere laguntzaile gazteengan nolako eragina zeukan neurtu ahal izateko.

Oso alai zeuden, elkarri adarra jo eta Arima Biziak-ekoen lepotik barre egiten zuten gogotik, baina, hala ere... zertxobait aldatuta zeuden azken bi egunen ondoren, horixe pentsatu zuen.

- Oraintsu gogorarazi digute diru apur bat eraman genezakeela bihar - esan zuen Valentinek -.

Zerbait eraman beharko genuke, zure ustez?

- Bai - erantzun zuen Keizerek -.

Zuetako bik behintzat bai, baina ez eraman diru kopuru berbera - Keizerek diru-zorroa atera zuen, eta esan -: Paul, badakite aberatsa zarela.

Hemen dituzu ehun eta hogei florin.

Valentine, zuk, ordea, larogei florin eman beharko zenizkieke, nik uste.

Hona hemen. Josiek, berriz, dirurik ez duela esan dezake, gurasoei eskatu baina xentimurik ere ez diotela eman.

- Zeure patrikatik ateratzen al da diru hau? - galdetu zuen Valentinek.

- Horretaz ez kezkatu.

- Hortaz, bihar da egun handia esan zuen Paulek -.

Bihar gauean ezingo gara hemen bildu, gu guztion sarrera-errituala hasiko delako.